Gaur Gabriel Aresti Segurola idazlea hil zela 50 urte betetzen dira eta, urteurren seinalatu honen inguruan, ekainean hasi eta urte bukaerara arte, 50 urte Gabriel Aresti ba(GA)rik lelopean, egitarau oparoa prestatu dugu, elkarlanean, lau elkarteren artean, hainbat instituzioren babesarekin. Lau elkarte sustatzaileok Euskaltzaindia, Gabriel Aresti Kultura Elkartea, EHUko Gabriel Aresti Katedra eta Bilboko Koral Elkartea gara eta ekainerako prestatu ditugun ekitaldien artean jardunaldi akademikoak, liburu argitalpenak eta aurkezpenak, kontzertuak eta antzerki emanaldiak izango dira. Atzo aurkeztu genuen egitaraua prentsaren aurrean, Euskaltzaindiaren egoitzan egindako ekitaldian.
Ekintza sorta honen helburua, oro har, Gabriel Aresti bera eta beraren lanak ezagutzera ematea da, izan ere, egun, euskal herritar ugari dago Aresti nor izan zen ez dakiena, eta berak euskal literaturan egindako ekarpen garrantzitsua ezagutzen ez duena. Arestiren ekarria balioan jartzea ere dugu helburu: euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraztea eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegia balioan jartzea.

Laburbilduta, hau da sustatzaileon artean prestatu dugun egitaraua:
Ekainak 6. Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan. Bilboko Udalaren Txistularien Bandak Aitaren etxea emanaldia eskainiko du. Arestiren garaiko hainbat konpositoreren lanak interpretatuko ditu, Arestiren poemen irakurketa ere tartekatuz.
Ekainak 19 eta 20. Euskaltzaindiaren egoitzan, egun osoz. Gabriel Aresti 1975-2025 jardunaldi akademikoa. EHUko Gabriel Aresti Katedrak antolatuta. Besteak beste, ondorengo adituak arituko dira hizlari bertan: Joseba Zulaika, Asier Amezaga, Larraitz Ariznabarreta, Amaia Elizalde, Ismael Manterola, Kirmen Uribe, Lourdes Otaegi, Alex Gurrutxaga, Idoia Gereñu Odriozola eta Mikel Aierbe.
Ekainak 26. Bilboko Bizkaia aretoan, 11:00etan. EHUko Gabriel Aresti Katedrak antolatuta, Patxi Juaristik eta Beatriz Zabalondok elkarrekin koordinatu duten Gabriel Arestik ereindakoak liburuaren aurkezpena egingo dute. Unibertsitateko bost fakultatetako 35 irakaslek eta ikaslek egindako testuak eta irudiak biltzen ditu lanak.
Urriak 6. Guggenheim museoaren areto nagusian. Bilboko Koral Elkartearen Gabriel Arestiren omenezko kontzertua.
Urriak 8. Euskaltzaindiaren egoitzan, Gabriel Aresti kultura elkarteak koordinatutako Gabriel Arestiren mandatua liburuaren aurkezpena. Idazleak hainbat alorretan egindako ekarpena biltzen du lanak. Kulturgile garaikideei eskatu diegu Arestik, besteak beste, euskararen, literaturaren, antzerkiaren zein bertsolaritzaren esparruetan egindako lana aztertzeko, eta haren lanak etorkizunean izan dezakeen proiekzioaz gogoeta egiteko.
Urriaren 14tik abenduaren 31ra. Bizkaiko Foru Liburutegian. Gabriel Arestiri buruzko erakusketa monografikoa. Panel informatiboez eta argazkiez gainera, idazlearenak izandako hainbat objektu ere bilduko dituzte.
Urriak 15. EHUren Leioako campuseko Mikel Laboa plazan, EHUko Gabriel Aresti Katedrak antolatuta, Gabriel Arestirekin antzezlana eskainiko dute Kandido Uranga eta Inazio Tolosa antzerkigileek. Emanaldia doakoa izango da eta kalean egingo dute.
Azaroak 14. Euskaltzaindiaren egoitzan, goizez. Euskaltzaindiak antolatuta, Gabrielen ispiluetan barrena solasaldia. Arestiren poesiak euren sorkuntzan izan duen loturaz eta eraginaz hitz egingo dute hainbat poetak. Leire Vargas, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano, Iñigo Astiz, Sonia Gonzalez eta Tere Irastortza izango dira tartean.
Abenduak 4. Bilboko BBK aretoan, 19:00etan. Joxan Goikoetxea musikariak zuzendutako Aresti mug(h)arri pieza eszenikoaren estreinaldia. Sortzaileak emanaldirako propio sortutako piezak aurkeztuko ditu, eta musikarekin batera poemen irakurketak ere tartekatuko dira.
Abenduak 10. Bilboko Arriaga antzokian. Bilboko Koral Elkartearen kontzertua. Musika ez ezik, poemen errezitalak ere tartekatuko dituzte emanaldian, eta hainbat kulturgilek hartuko dute parte, guztien artean emanaldi korala osatuz.