Gabriel Arestiren pertsona eta bere lana eguneratzea du helburuz ikuskizun honek. Belaunaldi batzuentzat gogora ekartzea izango da; beste batzuentzat deskubrimendua.
Arestiren lekuak hartu ditugu horretarako ardatz. Bilbo, Baiona, Arantzazu, Atzerria, Ea… euskal literatura, euskal kultura… Eta bere izaeraren zein obraren alderdirik garrantzitsuenak lotuko ditugu leku bat edo bestearekin. Haurtzaroa, euskara ikasteko erabakia hartu zuen unea, bere justizia sozialarekiko kezka, obra literarioa, hainbat pertsonarekiko gutunizketa, euskara batuaren sorrera, bere ideologia. Beti ere, Gabriel Arestirik poliedrikoena azaldu nahian, bere lan oparotasuna, aktibismoak, eztabaidarako zuen joerak isla izango dute emankizunean.
Ordu eta erdi inguruko ikuskizuna izango da. Hainbat kultura adierazpide elkartuko dira oholtzan: musika, bertsolaritza, deklamazioa, ikus-entzunezkoak…eta bi pertsonaiek eramango dute kontakizunaren ardatza. Ikuskizunean denetik izango da, Gabriel Arestiren obraren pasarteekin batera, sortzaileek beren beregi emankizunerako sorturiko lan berriek osatuko dute mamia.
Ikus-entzunezkoak: Alain Urrutia
Gidoia: Oier Guillan eta Andoni Egaña
Musika: Rafa Rueda
Sorkuntza lagun: Xabier Monasterio
Eskenan elkartuko dira:
- 2 aktore.
- 3 musikari: Gitarra, mandolina, ukelelea, banjoa, Tronpeta, korneta eta Perkusioa.
- Bertsolaria: Andoni Egaña.
- Deklamatzailea: Oier Guillan.
- Alain Urrutiak sortutako irudiak.
Iraupena:
- 75 bat minutu
Sortu berria den Gabriel Aresti kultur elkartearen egitasmoa dugu Gabrielen lekua ikuskizuna. Irabazi asmorik gabeko elkarte honen helburua Gabriel Arestiren ondarea ezagutaraztea da, idazle gisa zein pertsona legez, egun, inoiz baino presenteago dagoena.
“Poesia mailu bat dela esateko ausardia ukan zuen Gabriel Arestik, eta estetika obrerista baten aldekoa dirudien deklarazio honek ikusi batean uste genezakeena baino irakurketa anitzagoa du: mailua lanabesa da eta, ondorioz, poesia tresna da, ez helburu.Poeta, kantugile, hizlari, itzultzaile, antzerkigile, editore, hizkuntzalari… Arestiren lana prometeikoa izan zen, gizarte berri batek behar zuen hazkurri espirituala moldatu beharrak eragina, eta figurak maiz hartu zion gain obrari egunerokoan. Euskaldunen kontzientzia kritikoa bilakaturik, poesiaz etika egin zuen, testua ez zen izan mandatuaren agiria besterik. Mandatua bera obratzea zen, eta Arestik mailua hartu zuen eskuan harria moldatzeko, herria
iratzartzeko.”
Koldo Izagirre