Komunikaziorako txostena / Argazkiak /Bideoak

SENTIKARIA

GABRIELEN LEKUA dossierra prentsa

Gabriel Arestiren pertsona eta bere lana eguneratzea du helburu sentikari honek. Sentikaria dela diogu, horixe baita antzezlan honen xedea: ikusentzuleen bihotzbegietan azkura sorraraztea. Belaunaldi batzuentzat gogora ekartzea izango da; beste batzuentzat deskubrimendua.

Arestiren lekuak hartu ditugu horretarako ardatz. Bilbo, Baiona, Arantzazu, Atzerria, Ea… euskal literatura, euskal kultura… Eta bere izaeraren zein obraren alderdirik garrantzitsuenak lotuko ditugu leku bat edo bestearekin. Haurtzaroa, euskara ikasteko erabakia hartu zuen unea, bere justizia sozialarekiko kezka, obra literarioa, hainbat pertsonekiko gutunizketa, euskara batuaren sorrera, bere ideologia. Beti ere, Gabriel Arestirik poliedrikoena azaldu nahian, bere lan oparotasuna, aktibismoak, eztabaidarako zuen joerak isla izango dute emankizunean.

Ordu eta erdi inguruko ikuskizuna izango da. Hainbat kultur adierazpide elkartuko dira oholtzan: musika, bertsolaritza, deklamazioa, ikusentzunezkoak…eta bi pertsonaiek eramango dute kontakizunaren ardatza. Ikuskizunean denetik izango da, Gabriel Arestiren obraren pasarteekin batera, sortzaileek beren beregi emankizunerako sorturiko lan berriek osatuko dute mamia.

Gidoia: Oier Guillan eta Andoni Egaña

Ikusentzunezkoak: Alain Urrutia

Musika: Rafa Rueda

Sorkuntzalagun: Xabier Monasterio

Eskenan elkartuko dira:

  • 2 aktore:

Ainhoa Alberdi

Iraia Elias

  • 3 musikari:

Rafa Rueda:Gitarra, mandolina, ukelelea, banjoa

Iban Urizar: Tronpeta,korneta

Perkusioa: Naia Membrillera

Bertsolaria: Andoni Egaña

Deklamatzailea: Oier Guillan

Alain Urrutiak sortutako irudiak

Soinu teknikaria: Jonan Ordorika

Argi teknikaria: Ander Fernandez

Iraupena: 90 bat minuutu

Sortu berria den Gabriel Aresti kultur elkartearen egitasmoa dugu Gabrielen lekua ikuskizuna ( www.gabrielaresti.eu) . Irabazi asmorik gabeko elkarte honen helburua Gabriel Arestiren ondarea ezagutaraztea da, idazle gisa zein pertsona legez, egun, inoiz baino presenteago dagoena.

“Poesia mailu bat dela esateko ausardia ukan zuen Gabriel Arestik, eta estetika obrerista baten aldekoa dirudien deklarazio honek ikusi batean uste genezakeena baino irakurketa anitzagoa du: mailua lanabesa da eta, ondorioz, poesia tresna da, ez helburu.Poeta, kantugile, hizlari, itzultzaile, antzerkigile, editore, hizkuntzalari… Arestiren lana prometeikoa izan zen, gizarte berri batek behar zuen hazkurri espirituala moldatu beharrak eragina, eta figurak maiz hartu zion gain obrari egunerokoan. Euskaldunen kontzientzia kritikoa bilakaturik, poesiaz etika egin zuen, testua ez zen izan mandatuaren agiria besterik. Mandatua bera obratzea zen, eta Arestik mailua hartu zuen eskuan harria moldatzeko, herria iratzartzeko.” Koldo Izagirre