Xiberotarrak lagün, Bilbon barna ibili ginen atzo, Korrika kulturalaren baitan. Gabriel Aresti kultura elkarteko kideok Mauleko Hebentik taldeko lagunak eta beste zenbait manex hartu genituen, atseginez hartu ere, eta egungo txinbito Bilboats moderno horietako batean jaitsi ginen itsasadarrean behera, Zorrotzako püntaraino eta buelta. Aresti eta Xaho, Bizkaia eta Zuberoa lotu genituen, aurretik Zazpikaleetan barna, Kalderapekon hamaiketakoa harturik, Oteizaren eskulturan izan genituen ondoren Arestiren eta Oteizaren arteko hartu-eman eta gorabeheren berri eta segidan, ontziratuta, bi orenez, Karmelo Landa, Mixel Etxekopar eta gainerako lagunon artean osatu genuen ibilbide arestiarra uretan, ostean Sabino Aranari bisita eginda. Ondoren, Bilbo Hiria irratian kantu pare bat grabatu, Kafe Antzoki parean kafea eta gailetak eta… Buelta Maulerat. Sarri artio!
“Bilbon dabil Gabriel Aresti” ibilbide gidatuak hasi dira
Aurkezpenetan agindu bezala, hasi gara jada ibilbideak antolatzen Karmelo Landa Bilbon dabil Gabriel Aresti liburuaren egilearen eskutik. Iragan larunbatean proba egin genuen arrakasta handiz eta, martxorako, izen-ematea zabalduko dugu aurrez antolatutako taldeek ibilbide hauek gurekin adosteko, eta banakakoez osatutakoak osatzeko. Ibilbideotan Bilboko geografia arestiarra bertatik bertara ezagutuko dugu, gune garrantzitsuetan pausatuz eta Gabriel Aresti idazlearen bizitzan eta obran garrantzia handiko lekuak ezagutuz. Ibilbideak hiru orduko iraupena du, idazlearen sortetxetik abiatuta. Albiako lorategiak, Euskadi Plaza, Euskalduna (gaur jauregia, lehen ontziola), San Anton eta Plaza Zaharra… Geldialdi bakoitzean gai bat garatuko dugu, hurrenez hurren, Arestiren umezaroa, gaztaroa, arteaz zeukan ikuspegia, langileen borroka eta gai sozialak, historia… Azkenik, Plaza Zaharretik, Zapi Kaleetan barna, Plaza Barrira heldu eta, bertan, Euskaltzaindia aurrean, euskararen alorrean egindako lan oparoa aipatuko dugu, Café Bilbaon odolostez eta tomatez egindako pintxo poetikoa dastatu aurretik.
Lagun bakoitzeko prezioa 25 eurokoa da (liburua+ibilbidea+pintxoa) edo 10 eurokoa liburua jada daukatenentzat. Talde eratuak onartuko dira, 10 lagunetik 20ra bitarteko kopurua osatuta, eta pertsona solteak edo talde txikiagoak bildu edo txertatu egingo ditugu era horretako taldeetan. Erreserbak egiteko bete ezazu izen-emate formularioa. Mezuan, mesedez, ahalik eta zehatzenak izan, mesedez: zenbat lagun eta noiz etortzeko asmoa duzuen adierazi, eta eman telefonoa eta bestelako datuak ere. Zuekin harremanetan jarriko gara hitzordua lotzeko.
“Bilbon dabil Gabriel Aresti” liburua aurkeztuko dugu abenduan
Datozen egunotan aurkeztuko dugu elkarte honen ekimena den Bilbon dabil Gabriel Aresti liburua. Karmelo Landa EHUko irakasleak idatzia eta BilbaoArten diseinatu eta maketatua, ERROA argitaletxeak argitaratu du, Bilboko Udalarekin lankidetzan.
Datozen aurkezpenak:
- Abenduaren 2an, Bilboko Udaletxean, prentsaren aurreko aurkezpen instituzionala, Juan Mari Aburto Bilboko Udaleko Alkatearen eskutik. 17:30ean, udaletxeko Arabiar Aretoan. Sarrera prentsara murriztua.
- Abenduaren 4an, Durangoko Azokan, 17:30ean, azokako Areto Nagusian. Sarrera murriztua (aldez aurretik izena eman behar da)
- Abenduaren 16an, Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan. Bilboko Plaza Barrian, Mikel Martinez aktorearen laguntzaz. Sarrera murriztua (aldez aurretik izena eman beharko da).
Liburu originala da hau, izan ere, bertan Bilboko kaleetatik ibilbidea egiten du Landak; Aresti bizi izandako, bere testuetan aipatutako edo jardundako lekuak ageri dira eta, horiekin, Bilbo sakon ezagutzeko gida bat osatu du egileak. Bilboko gatazka sozial, kultural eta linguistikoak ezagutzeko saiakera ere bada, gainera, liburu hau, bertan azaltzen baitira Arestik bizi izan zituen moduan, baina gai horiek egungo Bilbora ekartzen ditu liburuak, gaurkotuta, eta, beraz, oraingo Bilboren gida eta ispilua ere bada. Era berean, Euskal Herriaren beraren ispilu eta agertoki ere bada Bilbo, azken hamarkadatan bizi eta ezagutu dituen metamorfosi eta aldaketa sakonen ispilu, Euskal Herriaren egungo egoeraren isla eta ispilu.
Bilbo sakonean ezagutu nahi duenarentzat ez ezik, euskara ikasten ari denarentzat ere erabilgarria da “Bilbon dabil Gabriel Aresti”, liburuak audio material osagarria baitu Bilbo Hiria irratian egindako izen bereko saio sortan. Izan ere, bilbohiria.eus webgunean topatuko ditugu Karmelo Landa eta Xabier Monasterioren arteko elkarrizketak, tokiz toki ibilbideko gune bakoitzaren gaineko jakingarriekin. Gainera, bertan proposatzen diren ibilbideak gauzatu egingo dira datozen hilabeteetan antolatuko diren ibilaldi gidatuetan.
Idazlearen esanetan, proiektu honen helburua “Bilbok, Euskal Herrian kokatu eta bere nortasuna berraurkitu dezan lagungarri” izatea da, inor izatekotan Bilboko euskal idazle nagusia den Gabriel Arestiren eskutik. Bilbo badabil, eta Gabriel Aresti Bilbon bertan dabil gaur egun.
Aresti eta bere garaia gogora ekarriko ditugu Euskaltzaindian ostiraleko jardunaldian
Gabriel Aresti eta bere garaia ekarriko ditugu gogora urriaren 19an Euskaltzaindiak eta Gabriel Aresti Kultura Elkarteak antolatutako jardunaldian. “Hizkuntza biziberritzearen bidegileak: inguruabarrak (1960-1975)” titulupean, 60ko eta 70eko hamarkadak euskalgintzan zergatik eta zertan izan ziren erabakigarriak gogoratuko dugu.
Gazte belaunaldi batek hartu zien lekukoa garai bateko idazle eta kulturgileei, eta inguruabar horretan sortu ziren, besteak beste, gau-eskolak,
ikastolen mugimendua, Anaitasuna aldizkaria, Lur argitaletxea, Ez Dok Amairu, Gaur, Emen, Orain eta Danok taldeak… Marko horren barruan ere antolatu zen Euskaltzaindiaren 1968ko Arantzazuko biltzarra, 1964an Baionan egin zenaren segida historikoa.
Gabriel Arestik berta-bertatik bizi izan zituen gertakari horiek, eta giro berriaz blaitu zen, goitik behera. Blaitu bakarrik ez; bera izan zen suspertze prozesu horren eragileetako bat. Gabriel Arestiren orduko ahaleginak azpimarratu eta euskal kulturaren abantean parte hartu zutenen lana gogoratuko dugu jardunaldi honetan.
Hainbat lagunek hartuko dute parte egun osoko jardunaldian eta Bilbo Hiria irratiak goizeko saioa eskainiko du zuzenean bilbohiria.eus webgunean eta 96.0 FM frekuentzian.
EGITARAUA
09:30 Sarrera (Juan Mari Aburto, Andres Urrutia eta Xabier Monasterio)
Iñaki Ziarrusta eta Oier Guillan (“Mailu biluzia” antzezpena I)
10:00 Xabier Kintana (Batuaren hastapenak, Baionatik Arantzazura)
Moderatzailea: Amaia Jauregizar
10:30 Maite Idirin-Jokin Apalategi-Ur Apalategi (60ko hamarkadako ikuspegi bat)
11:00 Arantza Garmendia eta Iñaki Zarraoa (60ko eta 70eko hamarkadak: irakaskuntza, materialgintza, SAIOKA metodoa)
11:30 Kaferako tartea
12:00 Jose Ramon Etxebarria (Anaitasuna, Jakin…)
Moderatzailea: Miren Rubio
12:30 Iñaki Aldekoa (1960-1975. Euskal literaturaren bizkortzea)
Aurkezpena: Iñaki Mendizabal Elordi
19:00 Rogelio Botanz eta Rafa Rueda (Arestiren poema musikatuak)
Udane Goikoetxea (Gabriel Arestiren poemak -irakurraldia-)
Arestiren “Euskal Harria” gogoan, urriaren 11n Euskaltzaindian
Urriaren 11n, Gabriel Aresti kultura elkarteak eta Euskaltzaindiak antolatuta, jardunaldi berezia izango dugu Euskaltzaindiaren egoitzan, Euskal Herria poema liburuak aurten 50 urte beteko dituela eta. Goizean hasi eta arratsaldera arte ekitaldi ugari izango dira bertan, eta bilbotar idazle eta euskaltzaina ondo ezagutu zuen jendea bilduko da, besteak beste, Xabier Kintana, Bernardo Atxaga, Arantxa Urretabizkaia, Oskorri taldeko kideak -sei pieza joko dituzte-, eta Jon Kortazar.
Gabriel Arestiren jardun poetikoa ulertzeko liburu funtsezkoa da Euskal harria / La piedra vasca. Poemarioa 1967an kaleratu zen, halamoduz, eta 1986an berrargitaratu, Arestik berak baimendu zuen bezala. Estreinako argitalpenaren 50. urtemuga betetzen da aurten, eta data baliatuz poeta bilbotarraren izatea eta jarduna gogoratu nahi genituzke.
Oskorri taldean eragin handia izan zuen Arestik, horregatik taldeko kideek sei pieza joko dituzte, denak Euskal Harria hartatik ateratakoak. Horiek emango diote hasiera jardunaldiari goizeko hamarretan, eta hortik aurrera, hitzaldiak, kantuak, bertsoak eta antzerkia izango ditugu asteazkenean, egun osorako osatutako egitarauan.
Hemen entzun ditzakegu aurkezpenean Andres Urrutiak esanak, Bilbo Hiria irratiaren webgunetik ateratako entzungai honetan.
Hain zuzen ere, Bilbo Hiria irratiak jardunaldi honen inguruko saio berezia egingo du asteazkenean, Euskaltzaindiaren egoitzatik zuzenean, 10:00etatik 12:00etara, bertan esku hartuko duten hainbat lagun irratiaren mikrofonoetara hurbilduta.
EGITARAUA
09:30 Harrera eta ongietorria: Andres Urrutia euskaltzainburua, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Xabier Monasterio Gabriel Aresti kultura elkarteko ordezkaria.
10:00 EUSKAL HARRIAz Oskorrik landutako kantak
10:15 Aitaren etxeko atea mundura ireki zigun bilbotar poeta solasaldia.
Xabier Kintana, euskaltzaina
Aurkezlea: Iñaki Mendizabal, kazetaria
10:45 Mailu batekin: biola batekin… (hitzaldia)
Jon Kortazar, EHUko Literatura katedraduna eta ikertzailea
Aurkezlea: Itsaso Güemes, kazetaria
11:15 Gabriel Arestiren Hernaniko hitzaldiaren dramatizazioa
Mikel Martinez, aktorea
11:45 Atsedena / tarte bat kaferako
12:15 EUSKAL HARRIAz Oskorrik landutako kantak
12:30 ‘Euskal Harria’ eta Agustin Ibarrolaren grabatuak
Susana Jodra artistaren hitzaldia
Agustin Ibarrola artistari omenaldia
13:00 Aresti: ahozko tradizioa / modernitatea
Andoni Egaña, bertsolaria
13:30 EUSKAL HARRIAz
Oskorrik landu kantak
19:00 Aresti: bizipenak
Joseba Sarrionandia
(aurretiaz grabatutako berbak)
Bernardo Atxaga eta Arantxa Urretabizkaia idazleak
Moderatzailea: Miren Rubio, kazetaria
Aresti antzerkigilea aztertu du “Arestiren Nazioa, Antzerkia” saiakerak
Karlos del Olmo ikerlariaren Arestiren nazioa, antzerkia saiakera argitaratu du Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE). Bertan, Del Olmok Arestiren antzerkigintza aztertu du, bere aburuz, bilbotar idazlearen alderik ezezagunena dena. «Arestiren dramaturgia ahaztuta zegoen, baina bere lana idatzi zuenetik harago doa; hark zuen plan oso bat euskal kulturgintza eta antzerkigintza iraultzeko», laburbildu du ikerlariak. «Arestik nazioaz, kulturaz eta euskaraz zuen ikuspegia oso ongi islatuta dago bere literatura dramatikoan, eta uste dut zor handia dugula Arestirekin. Inoiz egongo balitz teatro konpainia nazional bat, eskaini beharko lituzke bere obra guztiak».
Informazio gehiago BERRIA egunkarian eta Nontzeberri agerkari digitalean. Entzun Bilbo Hiria irratiko Agerraldi bakarra saioan Jaime Valverderekin elkarrizketa.
“Gabriel Arestiren ondarea” zikloa Deustuko unibertsitatean
Gabriel Aresti kultura elkartearen laguntzaz Deustuko Unibertsitateko DeustoBide herritartasun eskolak “Gabriel Arestiren ondarea” izeneko zikloa antolatu du idazlearen inguruan. Maiatzaren 25etik ekainaren 5era hainbat ekitaldi eta izena emateko epea aste honetako asteazkenera arte egongo da zabalik.
50 urte bete berri dira Gabriel Arestiren Harri eta Herri poema liburua argitaratu zenetik, eta 2015eko ekainean 40 urte beteko dira bilbotar poeta hil zenetik. Une ezin egokiagoa Gabriel Arestiren bizitza, figura eta lana unibertsitatera eraman eta haren ondarearen inguruko ziklo bat proposatzeko.
Unibertsitateko ohiko formatoak gainditu eta jarduera osagarriz osatutako ziklo berritzaile eta diziplinarteko bat antolatzeko aukera zabaldu nahi izan du DeustoBide Herritartasun Eskolak Gabriel Aresti Kultura elkartearekin elkarlanean: saio bi Deustuko Unibertsitatean eta ibilaldi turistikoa Bilbon zehar, Bilboko Kafe Antzokian hasita. Gabriel Arestiren Ondarea Zikloa DeustoForum markoaren baitako hitzaldiarekin amaituko da. Informazio guztia, izen-ematea eta egitaraua PDFn aurkituko dituzue DeustoBideren webgunean.
Hemen duzue gure elkarteko kide Xabier Monasterio, bideo labur batean, ziklo hau antolatzeko eta bertan izena emateko hainbat arrazoi azaltzen:
Egitaraua:
Maiatzaren 25ean Gabriel Arestiren lana eta bizitza hitzaldi musikatua eskainiko du Xabier Monasterio idazleak, Rafa Rueda musikariak gitarrarekin lagunduta.
Maiatzaren 26an, Josu Bijuesca Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak Nazioaren alegoria Gabriel Arestiren poesian izeneko mintegia gidatuko du.
Ekainaren 3an Arestiren Bilbo izeneko ibilbide gidatua izango dugu, Iraia Biteri eta Beñat Aiartza Gabriel Aresti euskaltegiko irakasleekin.
Ekainaren 4an, Miren Agur Meabe lekeitiar idazleak Arestiren arrastoa aletuko du lehenengo pertsonan egindako irakurraldiarekin. Hitzaldiak Harri eta Herriren 50. urteurrenerako idatzitako idazkiaren zabalkuntza proposatuko du, Gabriel Arestiren ondarea Zikloa ixteko.
Gabriel Arestiren “Harri eta herri” liburuaren berrargitalpena aurkeztu da
Aurten, 2014an, 50 urte bete dira Gabriel Arestiren Harri eta herri argitaratu zela. Liburua 1964an argitaratu zenetik, 1986an eta 2000an berrargitaratu da, eta aurten, urteurrena gogoan, Euskaltzaindiak eta Gabriel Arestiren senideek eta Zenbat Gara elkarteak osatzen duten Gabriel Aresti Kultura Elkarteak liburua berrargitaratu dute eta gaur Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan aurkeztu dute. Gehiago irakurri
81 urte Gabriel Aresti jaio zela
Gabriel Aresti kultura elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu, gaur, bizirik egonez gero, 81 urte beteko lituzkeen idazlearen figura omentzeko asmoz. Izan ere, 1933ko urriaren 14an jaio zen Gabriel Aresti Segurola idazle bilbotarra. Gehiago irakurri
Gabrielen Lekua sentikariaren azken bi emanaldiak
Irailaren 24an emango diogu amaiera urtebeteko ibilbideari. Iazko urrian aurkeztu genuenetik 37 aldiz jokatu dugu Gabrielen Lekua sentikaria milaka herrikideren aurrean eta datorren irailaren 24an jokatuko dugu, azken aldiz, Bilboko Kafe Antzokian. Gehiago irakurri