Josu Venerok sortu du Rafa Ruedak, Naia Membrillerak eta Iban Urizarrek ” Gabrielen Lekua” sentikarirako zein eta libururako sortutako kanta pizgarri duen bideoa
Josu Venerok sortu du Rafa Ruedak, Naia Membrillerak eta Iban Urizarrek ” Gabrielen Lekua” sentikarirako zein eta libururako sortutako kanta pizgarri duen bideoa
Atzo aurkeztu genuen GABRIELEN LEKUA disko-liburua Bilboko Kafe Antzokian
Gabrielen Lekua sentikaria 2014ko Eako poesia egunak jardunaldietara bitartean oholtzaratuko genuela jakinki, sentikariaren sortze prozesuak gugan utzitako arrastoa betikotzeari zilegi bezain ezinbesteko iritzi genion. Zertarako sortu, nori idatzi behar dio poetak, zein da gaur eta hemen, XXI. mendean, kantuaren funtzio soziala, denborapasa hutserako gura ez dugun antzerkiak zer taularatuta erasango ditu ikusentzulearen bihotzbegiak.
Idazle klasikoak noiznahikoak eta betikoak dira. Denborak ezin du ezabatu behiala urratu zuten bidea eta haien mezuak behin eta berriz agertzen dira garaian garaiko jendearen gogoan, bidarte batera helduta, norantz jo erabaki behar dugunean.
Halakoa dugu Gabriel Aresti, joan den mendeko semea izanagatik ere, zenbait belaunaldik jadanik idazle klasikotzat hartu dutena. Belaunaldi horietako sortzaile batzuek haren ondarearen gaurkotasuna aztertu dute liburu honetan.
Liburua
Arestiri gutun irekia, Amaia Lasa
Sortu dizkidanak, Andoni Egaña
Naizena. Diodana, Oier Guillan
Alderdirik gabeko komunista, Hedoi Etxarte
Gabriel Arestiren Bilbo zaharberrituan…, Luigi Anselmi
Aresti gurea, poemetan bizi zarena, Paddy Rekalde
Diskoa
Poesia mailu bat da
Nire izena
Bilbaoko kaleak
Neure mendean
Aresti eta Basarri
Zorrotzako portuan aldarrika
Gizonaren ahoa
Egia bat esateagatik
Beldurra gosari
Preso gaudenon ahoetatik
Iparragirren bozean noa
Nik eta diodana
Entzun ahala irakurtzeko:
Bilbaoko kaleak,
gora eta behera,
errekatik mendira,
batzuk artezak,
gehienak zeiharrak,
lurra estali da
etxez eta gizonez,
gizonak leku batetik bestera
eramateko
makinez,
bizioz eta bekatuz,
karitatez eta kriminaz,
plaza biribilak,
zumardi zabalak,
zuek
niri
gogora
ekartzen didazue
nire asmo zaharra,
behin egin nahi ukan nuen
eta
inoiz egin ez dudana,
Autonomia,
Adiskidetasuna,
Bakea,
Libertatea,
Foruak,
maitatu ditudan gauzak,
Urkijo ministroa,
Gardoki kardinalea,
Mazarredo almirantea,
Egia jenerala,
Arrikibar ekonomista,
higuindu ditudan gizonak,
kaleak,
kale motzak,
kaleak hemendik, hortik,
handik,
edonundik,
Gorbeiara joateko gutizia sortzen zait barrenean,
bertan organizatzeko euskeraren salbazioa,
baina hemen geratzen naiz,
kale arte honetan,
milagro baten zai,
egunero bizarra kenteari uzteko
nahikoa kurajerik
ez baitut.
Urrian argitaratu asmo dugun GABRIELEN LEKUA disko-liburua prestatzen ari gara. Diskoan Rafa Ruedak sortutako bederatzi kantu, zazpi Arestiren poema musikatuak eta beste biak Andoni Egañak idatzitako bi bertso-sorta berri eta Oier Guillanek deklamatutako bi poema izango ditugu entzungai.
Bilboko Irala auzoko Kobaestudion grabatzen ari gara, Rafa Ruedaren gidaritzapean eta Xanpe teknikari dugula.