Gabriel Aresti kultura elkartea idazlearen ondorengoek —Meli Estebanek, Gabrielen alargunak, eta hiru alabek— eta Zenbat Gara elkarteak osatzen dute.
Halabeharrak, zenbaitetan, itzulinguru bitxiak egiten ditu jendeen arteko elkar ezagutzak bideratzeko orduan. Gure arteko harremanak —zeharkakoak, lehenbizi, eta zuzenekoak, gero— aspaldi samarrekoak dira, izan ere. Hauxe dugu harreman horien kronologia laburra:
Olerkaria hil eta hiru urtera baino ez —1978an, beraz—, irakasle gazte batzuek Gabriel Aresti izena jarri zioten Bilbon sortu berria zuten euskaltegiari. Argi zeukaten ordurako, idazlearen eredura, bere ikasleak bilbotarrak, euskaldun berriak eta konprometituak eta aurrerazaleak izatea nahi zutela.
Geroztik, hogeita hamabost urte honetan, Gabriel Aresti euskaltegiak milaka herritar euskaldundu ditu, bilbotar idazlearen izena beti ere ohore handiz eramanez. Ziur gaude Gabriel bera harro egongo zela bera umetan olgetan ibiltzen zen Albia inguruan kokatuta dagoen euskaltegian makina bat herritarrek beren herriko hizkuntza ikasten dutela ikusita.
Halabeharrak bide egiten jarraitu zuen eta duela zenbait urte Gabriel Arestiren alabetako bat, Andere Bihotz, lankide izan genezan nahi izan zuen. Harro egon zen orduan Andere bere aitaren izena zuen euskaltegian euskara irakasteaz, eta harro egon ginen gu ere idazlearen alabetako bat lankide ez ezik, adiskide ere izateaz.
Halabeharrak, ezarian-ezarian, sareak hedatzen eta zirkulua ixten jarraitu zuen, eta beste urte batez Meli, Gabrielen beraren emaztea, ikasle ekarri zigun. Eta orduan denok egon ginen harro bihotz handiko halako emakume bat gutartekoa izateaz. Hala ere, harroen Gabriel bera egon bide zen, bere emaztea berak gaztetan belarrira olerkiak xuxurlatzen zizkion hizkuntza ezezagun hura ikasten ikusirik.
Azken urteotan, idazlearen urteurrenarekin bat eginez, “Harako Gabriel Aresti hartaz” izeneko zikloa antolatu izan du Gabriel Aresti euskaltegiak, haren bizitza eta lanak, gehienbat, ikasleen artean ezagutzera emateko asmoz. Ziklo horretarako ekitaldi xumeak prestatzean, bat etorri ginen alde biak —idazlearen senideak eta Gabriel Aresti euskaltegia kudeatzen duen Zenbat Gara elkartea—, halakoak premia handikoak izanik ere, are premiazkoagoa zela Gabriel Arestiren ondare literarioa kudeatzeaz eta haren itzal soziala zabaltzeaz arduratuko zen elkarte bat sortzea. Horrelaxe sortu da orain aurkezten dizuegun Gabriel Aresti kultura elkartea.
Elkartea herritar eta erakunde guztien partaidetzara ireki nahian, laster “Gabriel Arestiren lagunak” deritzan saila jarriko dugu abian, herritar eta erakunde horiek elkarlanerako proposamenak egiteko modua izan dezaten.