Gabriel Aresti kultura elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu, gaur, bizirik egonez gero, 81 urte beteko lituzkeen idazlearen figura omentzeko asmoz. Izan ere, 1933ko urriaren 14an jaio zen Gabriel Aresti Segurola idazle bilbotarra.
Gaur bertan, 12:00etan eta 18:00etan, Pedro Elias Igartuak “Arestiren urteak kantuz” saio berezia eskainiko du Bilbo Hiria irratian eta bihar goizean, halaber, zenbait jarduera izango ditugu. Alde batetik, Itziar Lakak “Gabriel Aresti euskaldunberri” hitzaldia eskainiko du eta, bestetik, “Arestiren Bilbo” literatura ibilbidea izango dugu; biak goizeko 11:00etan. Arestiren bizitza eta lana ezagutarazteko bost geraleku dituen ibilbide-musikatua dugu hori eta bere helburu nagusia Arestiren sorlekua, haurtzaroa, erreferentzia intelektualak, lan aipagarrienak eta Euskaltzaindian izan zuen protagonismoa azpimarratzea da. Beraz, ibilbidean zehar “Q Poema luzea Jurgi Oteiza eskultorear”i, Oskorrik hainbatetan abestutako “Bizkaiko aberatsak” eta haren poema ezagunena “Nire aitaren etxea” errezitatuko dituzte.
Urriaren 20an, astelehena, 11:00etan Xabier Monasteriok “Arestiri gorazarre” hitzaldia eskainiko du, Arestik euskarari egindako ekarpenak gogora ekarriz. Azkenik, hilaren 28an 11:00etan eta 18:30ean, asteartea, Rafa Rueda abeslariaren “Gabrieli kantuz” hitzaldi musikatua izango dugu Gabriel Aresti euskaltegian.
Euskaltegiaren izena ez da kasualitatea; olerkaria hil eta hiru urtera baino ez —1978an, beraz,- irakasle gazte batzuek Gabriel Aresti izena jarri zioten Bilbon sortu berria zuten euskaltegiari. Ordutik, 36 urte igaro dira jada eta milaka bilbotar pasa dira Zenbat Gara elkarteak kudeatzen duen euskaltegitik. Gauzak horrela, ez da harritzekoa Zenbat Gara elkarteak eta idazlearen ondorengoek —Meli Estebanek, Gabrielen alargunak, eta alabek— Gabriel Aresti kultura elkartea sortu izana.
Aurten antolatutako ekitaldi horien bidez, Arestiren bizitza eta lanak, gehienbat, ikasleen artean ezagutzera ematea lortu nahi dute bere ondare literarioa kudeatzeaz eta haren itzal soziala zabaltzeaz arduratzen den elkarteko kideek.