“Gabriel Arestiren ondarea” zikloa Deustuko unibertsitatean

Gabriel Aresti kultura elkartearen laguntzaz Deustuko Unibertsitateko DeustoBide herritartasun eskolak “Gabriel Arestiren ondarea” izeneko zikloa antolatu du idazlearen inguruan. Maiatzaren 25etik ekainaren 5era hainbat ekitaldi eta izena emateko epea aste honetako asteazkenera arte egongo da zabalik.

50 urte bete berri dira Gabriel Arestiren Harri eta Herri poema liburua argitaratu zenetik, eta 2015eko ekainean 40 urte beteko dira bilbotar poeta hil zenetik. Une ezin egokiagoa Gabriel Arestiren bizitza, figura eta lana unibertsitatera eraman eta haren ondarearen inguruko ziklo bat proposatzeko.

Unibertsitateko ohiko formatoak gainditu eta jarduera osagarriz osatutako ziklo berritzaile eta diziplinarteko bat antolatzeko aukera zabaldu nahi izan du DeustoBide Herritartasun Eskolak Gabriel Aresti Kultura elkartearekin elkarlanean: saio bi Deustuko Unibertsitatean eta ibilaldi turistikoa Bilbon zehar, Bilboko Kafe Antzokian hasita. Gabriel Arestiren Ondarea Zikloa DeustoForum markoaren baitako hitzaldiarekin amaituko da. Informazio guztia, izen-ematea eta egitaraua PDFn aurkituko dituzue DeustoBideren webgunean.

Hemen duzue gure elkarteko kide Xabier Monasterio, bideo labur batean, ziklo hau antolatzeko eta bertan izena emateko hainbat arrazoi azaltzen:

Egitaraua:

Maiatzaren 25ean Gabriel Arestiren lana eta bizitza hitzaldi musikatua eskainiko du Xabier Monasterio idazleak, Rafa Rueda musikariak gitarrarekin lagunduta.

Maiatzaren 26an, Josu Bijuesca Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak Nazioaren alegoria Gabriel Arestiren poesian izeneko mintegia gidatuko du.

Ekainaren 3an Arestiren Bilbo izeneko ibilbide gidatua izango dugu, Iraia Biteri eta Beñat Aiartza Gabriel Aresti euskaltegiko irakasleekin.

Ekainaren 4an, Miren Agur Meabe lekeitiar idazleak Arestiren arrastoa aletuko du lehenengo pertsonan egindako irakurraldiarekin. Hitzaldiak Harri eta Herriren 50. urteurrenerako idatzitako idazkiaren zabalkuntza proposatuko du, Gabriel Arestiren ondarea Zikloa ixteko.

deustobide-egitaraua2

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude