Testuingurua

Aspaldikoa dugu idazleak multzotan sailkatzeko ohitura, eta atergabeko sailkatze horretan, alde eta aldi guztietan idazle sorta murritz bat hautatu eta bereizi ohi dugu, beren obraren gailentasun eta gorentasunean gure baitako arazo, arrangura eta gainerako alderdi ezkutuak beste inork ez bezala azaleratzen eta azaltzen laguntzen digutelakoan. Horrelakoei klasikoak deritzegu, eta zertan edo hartan erantzun edo aholku beharrean gaudelarik, haiengana jotzen dugu argitasun bila.

Klasiko bilakatzeko prozesuak luze samar jotzen du eskuarki, eta idazle gehientsuek hil eta urte askotara baino ez dute erdiesten gu denon bide erakusle izatearen sari preziatua. Bestela esanda, idazle klasikoen multzo urrian sorta urriago batek baino ez du lortzen maila hori, bizirik dagoela.

Horixe da, hain zuzen ere, Gabriel Arestiren kasua, artean bizirik zegoela, beraren itzala Euskal Herriko bazter guztietara zabaldu baitzen. Gabrielen olerkiek paperetik ahora egiten zuten hegan, eta orduko belaunaldi gazteak, gizartea iraultzeko ahaleginetan, borrokarako eta kanturako gai bihurtzen zituen berehalakoan.

Eta Herio gaizto gupidagabeak berrogeita bat urte besterik ez zuelarik berekin eraman izan ez balu, Gabriel Arestiren uzta berez oparoa are oparoagoa izango zen, inongo zalantzarik gabe. Ordudanik hogeita hemezortzi urte igaro dira, eta, begien bistakoa denez, denborak handiagotu baizik ez ditu egin haren ospea eta eragina. Bateko, XX. mendearen erdialdean aro berri bat abiarazi zuen euskal letren baratzean, olerkien gaietan eta hizkuntzaren moldeetan itzelezko aldakuntzak eta berrikuntzak eginez, eta, besteko, geroztiko idazleei jorratu beharreko alorrak zein ziren erakutsi zien. Hortaz, ez da dudarik Gabriel Aresti euskal idazle klasikoa dugula dagoeneko eta betiko.

Urriak eta balio handikoak izanik, ordea, klasikoak txera eta maitasun handiz jagon eta babestu behar dira, urregorrizko bitxien antzera, gure bihotz-buruetan distiratzen segi dezaten.

Azken urteotan asko izan gara, Gabriel Arestiren ondareari dagokionez, garrantzizko gauza baten mira egin dugun euskaldunok, idazlearen ekarpen guztiak bildu, egituratu eta eguneratuko dituen erakunde edo elkarte baten hutsunea, alegia.

Hutsune hori estali guran, eta berandu bada ere, gaurgero Gabrielek badu bere izena daraman eta bere izana Euskal Herriko eta atzerriko leku guztietara zabalduko duen elkarte bat, jarraian aurkeztu nahi dizueguna, hain zuzen.