Gabriel Aresti eta Nestor Basterretxea

Gabrielen Lekua sentikariko gidoilari lanetan ari den Andoni Egañak Gabriel Aresti eta Nestor Basterretxea elkartu ditu BERRIArako idatzitako artikuluan

Bi aipamen

Andoni Egaña

 

Biak izan dira albiste azken egunotan. Gabriel Aresti eta Nestor Basterretxea. Bilbotarra eta bermeotar gipuzkoartua. Harrizko herri hau-ren eskuizkribua Arantzazun zegoen eta Gabrielen familiaren esku jarri dute frantziskotarrek batetik. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Nestor Basterretxeari urrezko domina ematea erabaki du. Eta lehenik burutik pasatu zaidana izan da, Euskal Herrian, botelasterrean galdera egingo bagenu bietan zein zen zaharragoa, alegia, nor jaio zen bestea baino lehen, erantzun xelebre askoak jasoko genituzkeela. Bata duela ia berrogei urte hil zen, eta bestea bizirik dago, eta duela oso gutxira arte batean eta bestean ikusi ahal izan dugu, bere sormen lanean tinko eta gizarte gaietan parte hartzaile.

Ez dirudi, pentsatzen jarri gabe, baina Basterretxea Aresti baino dezente zaharragoa da. Ia hamar urteren aldea. Gure irudipen kolektiboan, ordea, horrelakorik izateko gai bagina behintzat, bata aspaldikoa da, eta bestea oraindik ere gaur egungoa. Ondorioa nabarmena da alde horretatik: bizirik egotea bezalakorik ez da bizi zarela ohar daitezen.

Aho zabalik utzi izan nau Nestorrek, kuadrilla txiki batean mahaia, pasadizoak eta ideiak trukatzeko aukera izan dugunetan. Itzala eta umorea sumatu izan dizkiot azal-zulo guztietatik. Kontatzen duen istorio orok dauka gure herriaren historiarekin zerikusia. Artean mutil-kozkor, Euskal Herritik Argentinara nola alde egin behar izan zuen eta itsasontziz egindako biajearen pasarteek, gerra zibil garaiko eta osteko herri hura osatzen lagunduko dizute eta bekokiak iluntzera egingo dizu nahi gabe. Emaztearekin eta Jorge Oteizaren emaztearekin, Irungo komisaldegiaren kanpoaldean Jorgeren zain nola egon ziren kontatzen duelarik, eta Meliton Manzanas hil ondorengo orduetako atxiloaldia izan zela jakitean, sentitzen zuten kezka eta beldurraren jabe egingo zaitu. Eta barrez lehertuko zara gero, entzutean, «nosotros acojonados. Podían hacerle cualquier cosa. Nos temíamos lo peor. Y sale Jorge, todo ufano, diciendo que aquellos no le aguantaban ni un sólo asalto. Que los había noqueado». Objektu hegalari ezezagun bat behin ikusi zuela kontatzen dizunean ere, azalpenek eta testuinguruak leunduko dizute mesfidantza. Ategorrietako gaina jo zuten unean ikusi omen zuten OHE zelakoa. Udako egun sargoria omen zen. Fernando Larruquertekin zetorren Amalur-ren grabazio egun luze batetik bueltan. Aitortu behar dut bere etxepeko gelan sartu nintzen lehen aldian, artearekiko nire sentiberatasuna muturrekoa ez izan arren, hain toki gutxian hainbeste edertasun ikusteak liluratu egin ninduela.

Liluratuta baino, erdi lotsaturik irten nintzen Gabrielen etxetik Melik, alargunak, lehen aldiz ateak zabaldu zizkigun hartan. Neure buruaz lotsatu nintzen, nahiz egun gutxira barkazioa eskaini eta onartu nion. Berrogeita bat urte zituela hildako gizon haren lanak zenbat eta zenbat esparrutakoak ziren ohartzean, alfer konplexua sartu zitzaidan hezurretaraino. Hango gutun eta gutunen erantzun, artikulu, liburu, eskuizkribu eta gainerako, zenbatezinak ziren eta kontatzeko ere zailak. Bazuen, beste mila lanen artean, gramatika bat, liburu formatuan eskuz idatzia, bere hiru alabei propio berak egina, euskaraz ikas zezaten. Berak euskara ikasi eta hobetu nahian ari zela Axularren Gero eskuz kopiatu zuela jakiteak ez zidan miresmena hauspotu baino egin. Denetik zegoen han, baina ez, antza denez, den-dena. Orain, Harrizko herri hau-ren eskuizkribua ere han egongo da.

Patuak elkartu ditu Aresti eta Basterretxea joan den aste honetan. Herri egingo gaituen zutabeetarikoa da haien ezagutza. Eta esango nuke modu ezohikoan gertatu direla batarenak eta bestearenak. Arestirena, bizi zela inor baino polemista eta eztabaidatzaile sutsuagoa zen harena, leun-leun pasatu baita, istilurik gabe eta armonia onean, fraideek eman eta familiak hartu. Basterretxearenak, aldiz, funts handirik gabeko hauts batzuk harrotu ditu, segur aski Egunkaria eta Egin ere aldi berean gogora ekarri eta goraipatu dituelako Gipuzkoako Foru Aldundiak…

Eta gure kulturaz ari garela sarritan gertatzen den gisan, Arantzazu hor agertzen da tartean. Onerako eta txarrerako. Bataren lana gorde egin zuen garai hartan; bestearena ezkutatu.