Aurten, 2014an, 50 urte bete dira Gabriel Arestiren Harri eta herri argitaratu zela. Liburua 1964an argitaratu zenetik, 1986an eta 2000an berrargitaratu da, eta aurten, urteurrena gogoan, Euskaltzaindiak eta Gabriel Arestiren senideek eta Zenbat Gara elkarteak osatzen duten Gabriel Aresti Kultura Elkarteak liburua berrargitaratu dute eta gaur Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan aurkeztu dute.
“Poema liburu berritzaile eta gogoangarria dugu Harri eta herri eta Euskaltzaindiak Arestirekiko duen zorra kitatzeko asmoz kaleratu dugu lan berri hau”, adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak. Bi liburuk osatzen dute argitalpen berria: batetik, Arestiren liburua, argitaratu zen bezala, eskaintzen da; bestetik, Harri eta Herri – 50. Artikulu bilduma izeneko bigarren liburua dago, zenbait euskaltzainek eta egilek idatziriko artikuluak biltzen dituena. Horietako batzuek Aresti bera ezagutu eta tratatzeko aukera izan zuten; gazteagoek, aldiz, bere lanen bitartez ezagutu zuten idazlea. Hauek dira parte hartzen duten egileak: Joan Mari Torrealdai, Xabier Kintana, Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Karmelo Landa, Angel Zelaieta, Txomin Peillen, Ana Toledo, Arantxa Urretabizkaia, Harkaitz Cano, Unai Elorriaga, Aingeru Epaltza, Toti Martinez de Lezea, Miren Agur Meabe eta Kirmen Uribe.
Lana Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta BBK Fundazioaren laguntzarekin argitaratu da. Xabier Kintana euskaltzaina argitalpenaren koordinatzaile eta edizio arduraduna izan da.
Bi liburuak kutxa baten barruan argitaratu dira eta Durangoko Azokan 20 euroan salduko dira Euskatzailndiaren nahiz Zenbat Gara elkartearen erakusmahaietan.
Gaurko ekitaldia Rafa Rueda musikariaren Bilbaoko kaleak kantarekin hasi da, Gabriel Arestiren poema bati omenaldia egiten dion abestiarekin, hain zuzen ere. Jarraian, Xabier Kintana argitalpenaren koordinatzailea eta edizio arduraduna, Toti Martinez de Lezea idazlea eta BBK Fundazioaren ordezkaria mintzatu dira. “Harri eta herriren Arestiren ideia ezin zen adierazi euskara ez zen beste hizkuntza batean, Gabrielek amaren eta aitaren etxea defendatu zituen”, azpimarratu du Toti Martinez de Lezea idazleak Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea poema ezaguna ozen irakurri ondoren.
Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak eta Ibon Areso Bilboko alkateak ere Arestiren ekarpena goraipatu dute.
Xabier Monasteriok, Gabriel Aresti Kultura elkarteko ordezkariak, idazlearen obra iraganetik etorkizunea eramaten laguntzeagatik eskerrak eman dizkie proiektuan parte hartutako guztiei. “Berrargitalpen honekin Gabriel Aresti Euskatzaindiara itzuli da; bizirik balego etxean eta etxekoekin sentituko litzake”, adierazi du Monasteriok. Euskara galdutako familia baten jaioa, Gabriel Arestik bere kabuz ikasi zuen euskara eta lan bikainak idatzi zituen hizkuntza honetan.