Harrizko herri hau eskuizkribua itzuli diote familiari

NAIZ.INFO gunetik

Gabriel Arestiren ‘Harrizko herri hau’ liburuaren jatorrizko testua, autoreak berak eskuz idatzia, 40 urtez egon da Arantzazuko liburutegian. Liburua argitaratu ondoren, 1970ean, Enrike Villar Lur argitaletxeko editoreak hara eraman zuen, konfidantzazko leku seguru batean gordetzeko.

Poeta bilbotarraren familiak bere obra osoa bateratu eta gizarteari eskaintzeko nahiari jarraiki, fraideen anaiarteak eskuizkribua sendiaren esku jartzea onartu zuen. Gaur egin dute entrega ekitaldia eta Meli Esteban alargunak eskuratu du. Fraideei eskerrak eman dizkie, hainbeste urtetan gorde dutelako.

Iñaki Beristain fraideak eskuizkribua Arantzazurentzat «altxor preziatua» zela nabarmendu du, eta «gogo onez baina penaz» familiaren esku utzi dutela aitortu du. «Arantzazuko liburutegiak galdu egiten du baina gizarteak irabazi», adierazi du.

Ekitaldian Pello Zabalak Bitoriano Gandiaga poetak Arestiren omenez idatzi zuen ‘Gabriel Arestiren aitormenetan’ olerkia irakurri du.

http://www.naiz.info/eu/mediateca/video/gabriel-arestiren-harrizko-herri-hau-liburuaren-eskuizkribua-eman-diote-familiari