Aritz Mutiozabal kazetari eta idazleak Gabrielen Lekua sentikariari buruz idatzi du Urolakostako Hitzan
Gabriel Arestiren pertsona, pentsamendua eta lana gaur egunera ekartze aldera, Gabrielen lekua sentikaria sortu dute hainbat sortzailek Gabriel Aresti Kultura Elkartearen ekimenez. Urrian estreinatu zuten ikuskizuna, eta herriz herri taularatzen aritu ondoren, Orion izango da ikusgai gaur gauean; Orioko Ikastolako areto nagusian (DBHko eraikinean), 22:00etan.
«Arestik gugan zer arrasto utzi duen hartu da kontuan ikuskizuna sortzeko orduan. Haren lekukoak gugan zer leku utzi duen, alegia», adierazi du ikuskizunean parte hartzen duen Iraia Elias aktore zarauztarrak. Horretarako, hainbat kultura eta arte diziplinatako jendea elkartu da: Andoni Egaña bertsolaria, Oier Guillan poeta eta antzerkigilea, Rafa Rueda musikaria, Alain Urrutia irudigilea, eta Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreak, besteak beste. «Diziplina guztiak elkartzea ez da lan erraza izan; ez genuen nahi izatea bata bestearen gainean jarritako petatxo zatiak. Zailena bakoitzak non egiten duen topo ikustea izan da, guztia behar bezala uztartzeko eta lotzeko».
Ikuskizunak badu hari bat, eta hori Alberdik eta Eliasek antzezten duten istorioa da. Antzerki bat da zatitxotan banatuta, eta bertan Eme liburuzainaren eta Lur poetaren arteko talka kontatzen du. «Liburuzaina da Alberdi, eta nik idazle izan nahi duen gaztea gorpuzten dut. Lezioen bitartez, liburuzainak jarraitu beharreko bidea erakutsiko dio gazteari, benetako idazle maisu bat izateko bidea».
«Oier Guillanek eta Andoni Egañak zehaztu zituzten pertsonaiak, eta jarraian Guillanek berak oinarrizko gidoi bat idatzi zuen. Gidoi horrekin lanean, Alberdik eta biok inprobisatu egiten genuen, eta hortik abiatuta, behin betiko gidoia mamitzen joan ginen denon artean», gogora ekarri du kontakizunaren sortze prozesua. «Azkenean, benetako gauzak eta txinparta dutenak inprobisazioetatik sortzen baitira». Zuzendaritza lanaz, berriz, Jabi Barandiaran arduratu da.
Orioko emanaldia formatu txikikoa izango da; espazioak mugatuta, Alain Urrutiaren irudirik ez dute paratuko emanaldian. Maiatzaren bukaeran, Literaturia egitasmoaren barruan, Zarauzko Modelo aretoan taularatuko dute, eta hor jada ohiko formatuan izango da ikusgai. Arestiri buruzko sentikariarekin ez ezik, azkenaldian hainbat ikuskizunekin batera dabil Elias. Esaterako, joan den astean Zertarako hegoak lanarekin izan zen Zumaian, eta duela bi Ta oain zer? lanarekin Orion. Datorren astean, berriz, Zertarako hegoak-ekin ariko da Zarauzko Putzuzulo gaztetxean.