Lizardi eta Aresti

 

2000. urteko azaroaren 24an Koldo Izagirrek XX. Mendeko Poesia Kaieren lehen argitaldia aurkezteko eman zuen hitzaldian Xabier Lizardi eta Gabriel Arestiren bi poemen intertestualitateaz ( hitzaldia osorik sarean ) :

 

(…) Lizardiren Zuaitz Eroria, Lauaxetaren Langile eraildu bati, Lekuonaren Errota zaarra, Miranderen Zakur hila… oro har, erori, kolpatu edo suntsituaganako atxikimendua nabari dugu guztietan, badirudi poetek barneratua dutela derrota kolektibo bat, alegoria desberdinetan kantatzen dutena… Aspaldiko kontua da Elizanbururen «…aizkorak ezin hautsizkoa» hura. Epikotasun lorios betetik urrunduta, suntsimendu baten zantzuak kantatzen dizkigute XX. mendeko poeta gailenek. Derrotaren kontzientzia honek ez garamatza ordea malkokeriara: poetak askatasun egarri handi batean kantatzen du «hegoak ebaki banizkio…» Hain zuzen, «txoriñoak kaloian tristerik du kantatzen…» horren ondorio eta erreakzio dugu, poeta ez baitago jadanik kaiolan, ez da identifikatzen ez zuhaitzarekin, ez langile erahilduarekin, ez zakurrarekin, kanpotik ari da —derrotatua baina biktimismorik gabe— eta gorazarre egiten dio eroriari, hari zuzentzen zaio, memorian jasotzen du, bere poesia ez baita lanturako, malkoa isuriko duen arren. Irakur dezagun berriro Lekuonaren poema: errotaren oihuz —interpreta bedi oihu ezaren oihuz— maluretan den arren, «bizitza-legea nahi luke onartu», eta aitorpen horrek darama gero Porlandi-ra:

 

Baina utz dezadan
artzain bizitza ezti,
baserri birako
bakezko barruti.
Mindura berrian
kanta nahi dut beti.
Min dut egiazki.
Baina hobe dugu
gauza asko galtzea
eta ez pobreak
goseak hiltzea.

 

Poeta malkontzia izanen da, baina ez negartia. Are gehiago, negarretik malkora dagoen bilakabidea da gure lirikaren eta are gure poesia moderno osoaren garapena.

 

Zuaitz bat, urtezua, lurrera botea…
Zaarra izanagatik bazun ark osasun betea!
Ondoan orra agiri, zornak ezotua,
aizkora ankerraren ebaki sarri-berritua.

 

Erorikoan lurraren kontra hautsi ez diren adarrak zerurantz luzatzen ditu erruki eske; zuhaitz lagunak dar-dar batean daude, lurra nahigabez, haizea zinkuruz, ihes dagite txoriek… Amiltze honen deskribapenaren ondoren, esker gaiztoaren parabola bat garatzen du Lizardik, gizakiaren ezinasearen alegia bat zehazki taxuturiko laukoetan; azkenik badatoz idiak, itzainak kate bat lotzen dio, zerraren hotsa entzuten da urrunean…

 

Baaramakete, eraman, zuaitz eroria…
Errukia garaituz, betor nerekoikeria.
Baaramakete, eraman!, bestela mendia
ezpainikek gehiago begiaren pozgarria.

 

Badaramate zuhaitza noski, eta adarrak kenduta enborra emanen diote zerrari, ez zaigu besterik esaten. Lizardiren poema Arestik jarraitu zuen, dokumental beraren hurrengo sekuentzia balitz bezalaxe.

 

Aleman barkua atrakatu da Zorrotzan.
Zimentua dakar, ehun kiloko sakoetan.
Bien bitartean
Anton eta Gilen zeuden
zerrarekin
tronko hura erdibitzen.
Sokarekin…
Eztago kablerik…
Bestela…
Tira eta tira,
Orain Anton,
gero Gilen,
eznaiz hilen,
Gilen.
Hemen euskeraz
ta han erderaz.
Birao egiten zuten.
Okerbideak ezpaitaki mintzaerarik,
berdin tratatzen baitu
erdalduna
eta
euskalduna.
Arbolaren neurriak hartu nituen.
Antiojuak bustitzen zitzaizkidan.
(Amak gauean pentsatu zuen errekara
erori nintzela). Eta esan nuen:
Beti paratuko naiz
gizonaren alde.
Gilen.
Anton.

 

Ikusi duzuen moduan, Lizardiren poema irauli egiten du Arestik, eta ez nagusiki ruralismoa gaindituz zuhaitza Zorrotzako portura ekartzen duelako; hori, garrantzitsua izanagatik, bigarren mailan ezarriko nuke nik. Poema bietan metafora zuhaitza da, baina Arestiren begiak ez du naturan pozgarri, gizakiari erreparatzen baitio lehenik, horixe da batetik bestera dagoen koska ikaragarria. Lizardiren poeman «aizkora ankerrak» bota du zuhaitza; itzaina keinu tragiko bat diseinatzeko baliabidea besterik ez da; lana bazegoen, langilerik ez. Arestirentzat zuhaitza lanaren metafora da, ankerkeria ez dago zerran, baizik eta langileei eragiten zaien izerdian. Lizardik urrunean entzunarazten digun zerra-hotsak zirrara sentimental batez durduzatzen gaitu, zerrautsak errautsa ekarki gogora… Arestik ez digu zerraren hotsa entzunarazten, trontzalarien biraoak baizik, handik Anton, hemendik Gilen, biak berdin madarikatzen… Eta eszena horren aurrean, Lizardiren kontenplazioa ukatzen du Arestik, ikusle pasibo izatetik poemaren zati izatera ematen du urrats poetak, enborraren izariak hartzen ditu okerbidearen handia neurtzeko. Pauso horretan, sinbolismotik errealismora dagoen aldea iragaten du euskal poesiak, mende honetan gure poesiak ezagutu dituen iraultzetarik bat ekarriz.

 

Neurtzerakoan antiojuak bustitzen zitzaizkiola esaten digu poetak. Negar egiten duela ulertzen dut nik, gizonaren ahuleziaren eta lanaren handiaren arteko desorekak amorratuta, inpotentziak gainez eginda. Malkoa isurtzen zaion aldi bakarra du ia bere obra osoan, eta zeharbidez aitortzen digu, ahalke da, ez du lirikotasun merkea egin nahi edo sentimentalkeria baliatu. Lizardik zuhaitzagatik egiten du negar, gizaki abstraktuagatik; Arestik izenak eta izerdiak ezagutzen dizkien gizakiengatik egiten du negar, gizon konkretuaren alde dagoelako: Anton, Gilen.

 

Arestik modernotasun bat ekarri zuen Harri eta Herri obrarekin, bistan da: negarra desagertu egiten da, malkoa txukatzen du, esan liteke poetak debekatu egin nahi duela lantua, kontestaziorako, salaketarako duela poesia.

 

Esanen dute
hau
poesia eztela
baina
nik
esanen diet
Poesia
mailu bat
dela