Hebentik taldeko xiberotarrak Bilbon ibilbide arestiarra egiten

Xiberotarrak lagün, Bilbon barna ibili ginen atzo, Korrika kulturalaren baitan. Gabriel Aresti kultura elkarteko kideok Mauleko Hebentik taldeko lagunak eta beste zenbait manex hartu genituen, atseginez hartu ere, eta egungo txinbito Bilboats moderno horietako batean jaitsi ginen itsasadarrean behera, Zorrotzako püntaraino eta buelta. Aresti eta Xaho, Bizkaia eta Zuberoa lotu genituen, aurretik Zazpikaleetan barna, Kalderapekon hamaiketakoa harturik, Oteizaren eskulturan izan genituen ondoren Arestiren eta Oteizaren arteko hartu-eman eta gorabeheren berri eta segidan, ontziratuta, bi orenez, Karmelo Landa, Mixel Etxekopar eta gainerako lagunon artean osatu genuen ibilbide arestiarra uretan, ostean Sabino Aranari bisita eginda. Ondoren, Bilbo Hiria irratian kantu pare bat grabatu, Kafe Antzoki parean kafea eta gailetak eta… Buelta Maulerat. Sarri artio!

“Bilbon dabil Gabriel Aresti” ibilbide gidatuak hasi dira

Aurkezpenetan agindu bezala, hasi gara jada ibilbideak antolatzen Karmelo Landa Bilbon dabil Gabriel Aresti liburuaren egilearen eskutik. Iragan larunbatean proba egin genuen arrakasta handiz eta, martxorako, izen-ematea zabalduko dugu aurrez antolatutako taldeek ibilbide hauek gurekin adosteko, eta banakakoez osatutakoak osatzeko. Ibilbideotan Bilboko geografia arestiarra bertatik bertara ezagutuko dugu, gune garrantzitsuetan pausatuz eta Gabriel Aresti idazlearen bizitzan eta obran garrantzia handiko lekuak ezagutuz. Ibilbideak hiru orduko iraupena du, idazlearen sortetxetik abiatuta. Albiako lorategiak, Euskadi Plaza, Euskalduna (gaur jauregia, lehen ontziola), San Anton eta Plaza Zaharra… Geldialdi bakoitzean gai bat garatuko dugu, hurrenez hurren, Arestiren umezaroa, gaztaroa, arteaz zeukan ikuspegia, langileen borroka eta gai sozialak, historia… Azkenik, Plaza Zaharretik, Zapi Kaleetan barna, Plaza Barrira heldu eta, bertan, Euskaltzaindia aurrean, euskararen alorrean egindako lan oparoa aipatuko dugu, Café Bilbaon odolostez eta tomatez egindako pintxo poetikoa dastatu aurretik.

Lagun bakoitzeko prezioa 25 eurokoa da (liburua+ibilbidea+pintxoa) edo 10 eurokoa liburua jada daukatenentzat. Talde eratuak onartuko dira, 10 lagunetik 20ra bitarteko kopurua osatuta, eta pertsona solteak edo talde txikiagoak bildu edo txertatu egingo ditugu era horretako taldeetan. Erreserbak egiteko bete ezazu izen-emate formularioa. Mezuan, mesedez, ahalik eta zehatzenak izan, mesedez: zenbat lagun eta noiz etortzeko asmoa duzuen adierazi, eta eman telefonoa eta bestelako datuak ere. Zuekin harremanetan jarriko gara hitzordua lotzeko.