Olerkariak utzitako arrastotik

Aritz Mutiozabal kazetari eta idazleak Gabrielen Lekua sentikariari buruz idatzi du Urolakostako Hitzan

Gabriel Arestiren pertsona, pentsamendua eta lana gaur egunera ekartze aldera, Gabrielen lekua sentikaria sortu dute hainbat sortzailek Gabriel Aresti Kultura Elkartearen ekimenez. Urrian estreinatu zuten ikuskizuna, eta herriz herri taularatzen aritu ondoren, Orion izango da ikusgai gaur gauean; Orioko Ikastolako areto nagusian (DBHko eraikinean), 22:00etan.

«Arestik gugan zer arrasto utzi duen hartu da kontuan ikuskizuna sortzeko orduan. Haren lekukoak gugan zer leku utzi duen, alegia», adierazi du ikuskizunean parte hartzen duen Iraia Elias aktore zarauztarrak. Horretarako, hainbat kultura eta arte diziplinatako jendea elkartu da: Andoni Egaña bertsolaria, Oier Guillan poeta eta antzerkigilea, Rafa Rueda musikaria, Alain Urrutia irudigilea, eta Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreak, besteak beste. «Diziplina guztiak elkartzea ez da lan erraza izan; ez genuen nahi izatea bata bestearen gainean jarritako petatxo zatiak. Zailena bakoitzak non egiten duen topo ikustea izan da, guztia behar bezala uztartzeko eta lotzeko». Gehiago irakurri

Orion, ikastolaren alde

www.kilometroak.net webgunetik

Gabrielen Lekua ikuskizunerako eta Benito Lertxundiren kontzerturako sarrerak, salgai

Gabrielen Lekua. Argazkia: Joseba Barrenetxea

Kilometroak 2014 jaiko egitarauaren baitan antolatutako hurrengo bi kultur ekitaldietarako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Bietan lehena, Gabrielen Lekua ikuskizuna izango da martxoaren 28an, 22:00etan, Ikastolako Areto Nagusian (DBHko eraikinean); dantza, musika, antzerkia, poesia eta irudia uztartzen dituen sentikaria, hain zuzen ere. 180ko aforo mugatua du Aretoak. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude 10 eurotan Ikastolako idazkaritzan, Lore eta Uranga burdindegietan eta Il Gelato kafetegian.

Ikuskizunaren helburua Gabriel Arestiren obra eta pentsamenduaren bitartez, ikuslearengan gogoeta eragitea da. Arte diziplina ezberdinen arteko uztarketa baino gehiago, horien arteko elkarrizketa jarraitu ahal izango du ikusleak.

Andoni Egaña bertsolariak eta Oier Guillan poetak esaterako, Gabriel Arestik eta Basarrik izandako eztabaidak islatuko dituzte.

Musikari dagokionez, Rafa Ruedak Arestiren hainbat poema gaurkotu eta abestuko ditu, Iban Urizar eta Naia Membrillera musikarien laguntzaz.

Alain Urrutiak irudien bitartez, sentsazioen leiho bat irekitzea izango du helburu.

Ainhoa Alberdi eta Iraia Elias aktoreek bestalde, belaunaldi ezberdineko bi lagunen arteko solasaldia islatuko dute oholtzan, umorez eta ironiaz.

Benito Lertxundiren kontzerturako sarrerak ohiko tokietan salgai daude

Udaberriko bigarren kultura hitzordua apirilean izango da, Benito Lertxundiren eskutik. Musikari oriotarrak kontzertua eskainiko du Orion, apirilaren 12an, 22:00etan, Karela Kiroldegian.

Sarrerak eskuragarri daude, aurrez, 18 eurotan Ikastolako idazkaritzan, Il Gelato kafetegian, Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean eta Oiartzungo Amazkar tabernan. Aurrez sarrera guztiak salduz gero, kontzertuaren egunean bertan ez da txarteldegirik zabalduko.

Sarrerak aldez aurretik erretserbatzeko aukera ere badago: deitu 605 72 46 16 telefonora, edo idatzi eva@fenixprods.com helbidera. Egunean bertan ordu bete lehenago jaso (erosi) beharko dira txarteldegian erreserbatutako sarrerak; bestela, salgai jarriko dira.

Gabrielen Lekua sentikariari buruzko kritika Garan

Hona hemen Jaime Valverdek GARA egunkarirako idatzitako iruzkina

Gabrielen Lekua Kultur Maratilan

GARA 2014-II-25

Jaime Valverde

POESIAREN ZIOA

Gabriel Arestik ez zuen nahi bere izena kaleak izendatzeko erabil zezaten. Hala utzi zuen idatzita poema batean, seguruenez gehien traizionaturiko erregutea dena. Hain zuzen ere, Aresti izeneko ikastetxe, plaza eta kale artean bizi den jendarte honen aurrean “Arestiren pertsona eta lana eguneratzea” izan da Gabriel Aresti kultura elkartearen asmoa antzezlanarekin. Iruditzen zait niri bai Arestiren poema hura bai elkartearen ekimen hau kezka beretik sortu direla: azaleko izenaren ustiatzeak maiz barneko izanaren ahaztea dakarrela. Antzezleek poeta bilbotarra izandako hura gogoraraztean batek erreparatzen dio bere literaturaren baliorik handiena literaren beraren balioa kolokan jartzea dela. Helburu ez, baizik eta tresna gisa baliatzea poesia, bidegabekeria salatzeko eta gizakia aldarrikatzeko, gainerakoak beste maila batean utzita. Izan ere, bati ia ahaztu egiten zaio antzezlanak planteatu diziplinen nahaste erakargarria; Arestiren ondareari genero ikuspegia eranstearen egokitasuna; Rafa Rueda eta lagunen poemen musikatze eder eta estilo anitzekoa; Egañaren bertsoak, noiz poetiko noiz bihurri; edota Iraia Eliasen freskotasuna eta berezko gaitasun komikoa. Bati ia ahaztu egiten zaio gozatzen ari dela emanaldiarekin, eta bat-batean Anton eta Gilen besterik ez dira ikusten oholtzan, Arestiren langile pairatzaileen sinboloak.

Obraren hasieran planteatzen da kontua ez dela nork, nola edo zer idatzi, baizik eta zertarako. Bada, Anton, Gilen eta orain Mohamed-engatik: itsasoan itotzear dauden gizakiei pilotakada oldartzen zaiela ikusi ostean, zertarako balio dezake poesiak edo teatroak, ez bada arreta horretan paratzeko?

Arestiren sentikari teatral hau, ezeren gainetik, beharrezkoa zen. Hasiera batean pentsa dezakezu ideia ona izan dela kaleratze eta xenofobiaren garai honetan Aresti plazara ateratzea, baina berehala ohartzen zara egoerak berak inbokatu duela, gauzak zeinen gutxi adatu diren ikusarazteko, eta berez ez direla aldatuko gogorarazteko.

Martxoaren 28an Kilometroaken alde

Orioko herri ikastolak antolatuko du aurtengo Kilometroak jaialdia

https://www.youtube.com/watch?v=DT0_Qx4kPjw

Gabrielen Lekua sentikaria martxoaren 28an jokatuko dugu, Orioko ikastolan bertan

Eskerrik asko antolatzaileei aintzat hartu gaituztelako

http://www.youtube.com/watch?v=KZZLu5R-Dc4