Gabriel Aresti eta Nestor Basterretxea

Gabrielen Lekua sentikariko gidoilari lanetan ari den Andoni Egañak Gabriel Aresti eta Nestor Basterretxea elkartu ditu BERRIArako idatzitako artikuluan

Bi aipamen

Andoni Egaña

 

Biak izan dira albiste azken egunotan. Gabriel Aresti eta Nestor Basterretxea. Bilbotarra eta bermeotar gipuzkoartua. Harrizko herri hau-ren eskuizkribua Arantzazun zegoen eta Gabrielen familiaren esku jarri dute frantziskotarrek batetik. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Nestor Basterretxeari urrezko domina ematea erabaki du. Eta lehenik burutik pasatu zaidana izan da, Euskal Herrian, botelasterrean galdera egingo bagenu bietan zein zen zaharragoa, alegia, nor jaio zen bestea baino lehen, erantzun xelebre askoak jasoko genituzkeela. Bata duela ia berrogei urte hil zen, eta bestea bizirik dago, eta duela oso gutxira arte batean eta bestean ikusi ahal izan dugu, bere sormen lanean tinko eta gizarte gaietan parte hartzaile.

Ez dirudi, pentsatzen jarri gabe, baina Basterretxea Aresti baino dezente zaharragoa da. Ia hamar urteren aldea. Gure irudipen kolektiboan, ordea, horrelakorik izateko gai bagina behintzat, bata aspaldikoa da, eta bestea oraindik ere gaur egungoa. Ondorioa nabarmena da alde horretatik: bizirik egotea bezalakorik ez da bizi zarela ohar daitezen. Gehiago irakurri

Harrizko herri hau eskuizkribua itzuli diote familiari

NAIZ.INFO gunetik

Gabriel Arestiren ‘Harrizko herri hau’ liburuaren jatorrizko testua, autoreak berak eskuz idatzia, 40 urtez egon da Arantzazuko liburutegian. Liburua argitaratu ondoren, 1970ean, Enrike Villar Lur argitaletxeko editoreak hara eraman zuen, konfidantzazko leku seguru batean gordetzeko.

Poeta bilbotarraren familiak bere obra osoa bateratu eta gizarteari eskaintzeko nahiari jarraiki, fraideen anaiarteak eskuizkribua sendiaren esku jartzea onartu zuen. Gaur egin dute entrega ekitaldia eta Meli Esteban alargunak eskuratu du. Fraideei eskerrak eman dizkie, hainbeste urtetan gorde dutelako.

Iñaki Beristain fraideak eskuizkribua Arantzazurentzat «altxor preziatua» zela nabarmendu du, eta «gogo onez baina penaz» familiaren esku utzi dutela aitortu du. «Arantzazuko liburutegiak galdu egiten du baina gizarteak irabazi», adierazi du.

Ekitaldian Pello Zabalak Bitoriano Gandiaga poetak Arestiren omenez idatzi zuen ‘Gabriel Arestiren aitormenetan’ olerkia irakurri du.

http://www.naiz.info/eu/mediateca/video/gabriel-arestiren-harrizko-herri-hau-liburuaren-eskuizkribua-eman-diote-familiari

GABRIELEN LEKUA sentikaria. Jada berbatuta ditugun emanaldiak

GABRIELEN LEKUA sentikaria zuekin konpartituko dugu:

Urriaren 11an, goizez, ikastetxeetako neska-mutilekin , Intxaurrondoko kultur etxean.

Urriaren 12an aurrestreinaldia, Intxaurrondoko kultur etxean, plazer duenarekin.

Urriaren 29an, estreinaldia, Bilboko Arriaga Antzokian

  • Goizean ikastetxeetako neska-mutilekin.
  • Arrastian publiko orororekin.

Azaroaren 9an, Laudioko plazan.

Abenduaren 13an Elgetako Espaloian

“Lau teatro Arestiar” liburuko hitzaurrean Saizarbitoriak Arestiren eraginaz

Kriseilu 26
1973-Otsaila

Lur editoriala
Villa Zutik, Paseo Arbola,
Donostia

DSC06955

Hitzaurrea

Ez da hau Arestirentzat hitzaurre bat hasten dudan lehen aldia. Lehenago beste bat hasi eta bukatu nion Leterekin batera, ez dakit zein libururentzat, ezta ere zein urtetan. Ba dakit hura Arestik antolatutako lantzamendu antzeko bat izan zela eta nik eskertu egin niola. Orduan hitzaurre sentimental bat egin nuen, eta Letek eta nik elkarri leitu genion hitzaurrea Rexen. Leterena teknikoagoa zen, poesia analizatzen zuen. Nik nahiago izan nuen gaztelaniaz eskribitzeko bezain ona izanik ere, kabreoak eta kuartillak euskara erabiliaz gastatzen zituen gizon kojonudo haren mundua deskribatu (…)

(…) Beste garai batzuk ziren. Arestik ikaragarrizko garrantzia izan zuen guretzat, besterik ez bazen ere, lehendabiziko gure lige kontestatarioari euskal-poesia zati bat irakur ahal izan geniolako, Prevert, Otero, Apollinaire, Andre Breton eta Celayaren artean. Euskaldun izan eta euskaraz idaztea probintzikeria herstu batetik ateratzea izan zitekeelaren idearen radikalizatzea izan zen. Eta hala izan zen, apur bat behintzat. Eta euskarak arnasa hartu zuen, bat bi, bitalismo gehiagoz, xistuaren doinuaz hanka altxatzen zutenez deskojonatzen zen anarkismo kutsuko katxondeo baten odol bultzadaz. (…)